Buch lesen: «Kapuscinskiren erretrobisorea»
Contenido
1 SINOPSIA
2 HITZAURREA
3 ATARIKOAK NIRE BELDURRAK MAPAREN GEOGRAFIA
4 HEGOALDERANTZ LEHEN LERROA OIHAL ZATI GARRATZA LURMUTURRA ITSASOA DA NORENAK
5 IPARRALDE HEGOALDEKO BAZTERREKO BIDETIK BILUZIK URRUTI HAURREN AHURREAN DUNA ZUREZKO BIHOTZA ZEUKAN ITSASOAK DARAMANA BADATOZ ARGI-ILUNAK BIDAIATUKO GAITU HAUTACUPERCHEREN OIHARTZUNA BAGAJEA MAIZTASUNA BESTE BAT ITSAS UHINAK ETA HODEIAK LAGUNAKO LAGUNAK HARRIA ETA ORRIA AFRIKAR XUXURLA PARADISUA
6 SORTALDERANTZ BIDE BAZTERRETIK ELKARTASUN PORTUA ZINTZILIKATUTAKOAK HAIENAK EZ GALTZEKO BERMEA OKZITANIAR URMAELA MUNDUA LAU(R)AK PIZKUNDEAK BERPIZTUTA HARAGO HIRIRIK GABEKO HIRIA LABIRINTOAREN IRTEERA FUSINATIK ORDAINDU EGIN BEHAR DA BASQUE OSO GAITZA HURRENGO BATEAN EGUNKARIA
7 SARTALDERANTZ ITZULERAKO BIDETIK BIDEKO BIDEAK ESATARIA XEHEA EDO LARRIA BI NORANZKO MILANO-TORINO TORINOKO ILARGIA TUNELETIK BIDESARIA TXIRRISTAPEKO MADARIKATUA BIDAIARIREN BAT KAPUSCINSKIREN ERRETROBISOREA
8 AZKEN HITZAK ITZULERA Mila esker LEGEZKOA
SINOPSIA
“Jon Etxebarria Txontxek begirada ezin ederragoan eman digu berak egindako bidaiaren berri. Barrutik kanpora, eta bueltan berriro ere abiaburura. Zirkulu inperfektu bezain biribilean eroan eta ekarri gaitu sentsazioen bide-zidorretatik eta apaltasun poetiko miresgarrian eskaini digu bidaia fisiko, pertsonal eta literarioa. Kartografia pertsonala, mapa biziak”.
Mikel Etxaburu Osa
Liburuari buruzko informazio gehiago:
www.edicionesbeta.com
Jarrai iezaguzu hemen:
@EdicionesBeta
@edicionesbeta
@EdicionesBeta
Zapalduei
HITZAURREA
Ez dakit oso ondo zer garen eta zer ez garen. Badakit, ordea, zerk egiten gaituen: bideak. Eta bidea bada egiten gaituena, zergatik ez uste izan gu ere bide garela? Askotarikoak, norberak bereak, olatuak denak diren moduan desberdin, eta hostoak, eta ametsak.
Jon Etxebarria Txontxek begirada ezin ederragoan eskaini digu berak egindako bidaiaren berri. Barrutik kanpora, eta bueltan berriro ere abiaburura. Zirkulu inperfektu bezain biribilean eroan eta ekarri gaitu sentsazioen bide-zidorretatik eta apaltasun poetiko miresgarrian eskaini digu bidaia fisiko, pertsonal eta literarioa. Kartografia pertsonala, mapa biziak. Finean, bizitzaz ari zaigu Jon, bizitzaz eta maitasunaz, elkartasunaz ari zaigulako, eta elkartasuna maitasuna delako, mugagabea, baldintzarik gabea. Nor diren eta nor izan nahi luketen herriei zein pertsonei buruz ari zaigulako, norbera den moduan aintzat hartu eta onartzea (edo oldartzea) ere maitasun ekintza delako; zintzoa eta zorrotza. Eta bidea, emankorra izango bada, maitasun bidea besterik ezin daitekeelako izan, eskuzabala eta aurre juzgurik gabea.
Bideak liluratzen gaituenean, bideak bidetik ateratzeko gonbitea egiten digunean, berdin digu nora joan, edo nora ez joan, hitzak berak bihurtzen dira-eta bide, poesia bera bihurtzen da Urrutikoetxea azaletik azalera sentitzeko geografiarik ederrena, indartsu izan beharrean, indartsu sentitzeko adorea ematen diguna. Google maps-ek fitxatu gabeko bide zidorretan ezagututako bidaide inprobisatuen azaletik arnas egiteko aukera ezin hobea: Jay Moriarityren itsasoak, Lord Byronen herrentasunak, Danteren infernu-zeruak eta Mark Twainen abenturak.
Eragozpena eta oztopoak ere berezkoak ditu bideak, baita nekeak ere: aldi laburreko adiskidantzan erraz disimulatzen diren horiek; zeruaren eta itsasoaren arteko bisagrak, batzuetan, kirrinka egiten duela konturatzeko nahikoa den …baina soil bat; bandera astunegien zimurretan menperatuen orbanak sentitzeko moduko ibili zauria; norbere ametsak inoren amesgaizto, eta alderantziz, izan daitezkeela onartzeko adorea. Horiek ere badira Jonen bideak, baita gutako askorenak ere, itsasoetan itotzen garen bakoitzean sentitzen dugun itolarri hori bezala, ohol bustiak bizitza desjabetuak ezin eutsi dituenean mundu berri baten aldeko esperantzaren azaleran. Hori dena da bidea, eta kostaldea, eta naufragioa; hori dena da bizitza, eta heriotza; Puerto de Santamariako selfiea, koloretan egonagatik ere zuri beltzean ateratzen den argazkia, …leku orok daukalako alderen batean bere bazterra, eta pertsona orok bere bestea.
Edozein denbora bazterretan omen dago paradisua, Puertito de la Cruzen, Adiranen, Luccan, Venezian edo Ljubljanan. Eta baita gure mendi, badia eta kaleetan ere, ez baita atzerriratu behar bidaiaria izateko, bidaiatzea itzultzea baita, eta etxera bueltatzen garen bakoitzean berdeagoak direlako gure mendien hegoak, …freskoagoak gure lotsaren gerizpeak. Etxera bueltatzea abiatu gineneko bidaia beraren beste atalburu bat baizik ez da. Hori bai, jada ez gara lehengo berak, Jon ez da autokarabanan sartu zeneko bera. Ni ere ez naiz lehengoa, berarekin batera bide berriak amesteko eskifaiaren parte sentiarazi nauelako, eta nahiz eta Kapuscinkiren erretrobisoreak geografia nozio subjektiboa dela iradoki, erretrobisore berean islatzen dira ere ortzemuga berriak.
Horregatik, beti soinean daramagu motxila. Eskerrik asko, Jon Txontxe.
Mikel Etxaburu Osa