Bizimundua

Text
0
Kritiken
Leseprobe
Als gelesen kennzeichnen
Wie Sie das Buch nach dem Kauf lesen
Schriftart:Kleiner AaGrößer Aa

Argitalpen eskubideak erreserbatuak.

Letrame Argitaletxea.

www.Letrame.com

infor@Letrame.com

Itziar Uriarte Crespo

Argitalpen diseinua: Letrame Argitaletxea.

ISBN: 978-84-18512-45-2

Argitalpen honen zati bakar bat ere ez, azala barne, ezin da erreproduzitu, biltegiratu edo transmititu ez modu batean edo bestean, ez bide elektronikoz, kimikoz, mekanikoz, optikoz, grabaziokoa, Interneten edo fotokopiaz, argitaratzailearen edo egilearen baimenik gabe.

Letrame Argitaletxeak ez du zertan ados egon egilearen iritziak edo argitalpenaren testuarekin, gogoan izanda beti eskuetan duzun obra fikziozko eleberri bat, edo saiakera bat, izan daiteela zeinean egileak balorazio pertsonalak eta subjektiboak egin ditzakeela.

«Obra honen edozein erreprodukzio, banaketa, komunikazio publiko edo eraldaketek bakarrik titularren baimenarekin egin daitezke, legeak aurreikusitako salbuespenetan izan ezik. Joan zaitez CEDROra (Eskubide Erreprografikoen Espainiako Zentroa) obra honen zatiren bat fotokopiatu edo eskaneatu behar baduzu (www.conlicencia.com; 91 702 19 70/93 272 04 47) ».

.

Mundua guzti-guztiok bizitzeko eskubidea izan beharko genukeelako eta bizimodu ugari daudelako, Bizimundua liburuko ipuinak Zeinu Hizkuntzaz disfrutatzeko bideoak eta braille lerroa erabilita irakurtzeko aukera izango dituzue hurrengo helbide elektronikoetan:

labur.eus/ikusimundua

labur.eus/ukitumundua

ZeinuKaxako Ainhoa eta Cristina zein IBT-CRI Araba-ren laguntza eta elkarlana ezinbestekoa izan da Bizimundua denontzako proiektua izan dadin. Eskerrik asko bihotzez!


.

Eskerrak orain dela hamahiru urte gehiegi edan

eta laguna musukatu nuela,

orain badaukat zalantza, beldur eta egonezin guztiak

norekin elkarbanatu.

Eskerrik asko lagunei

bururatzen zaizkidan idei zoro guztiak bete ahal ditudala

sinesteagatik

eta egoteagatik, beti prest egoteagatik.

Gurasoei

harro egoteagatik,

ni maitatzeagatik,

kezkatzeagatik

eta eredugarriak izateagatik, gehienetan.

Mireni, ahizpari,

nire zalantza eta kezka guztiak jasotzeagatik,

testuak irakurtzeagatik,

zuzentzeagatik

eta, batez ere, jolasteagatik.

Zuri

Bizimundua erosi edo maileguz hartzeagatik

eta, bereziki, irakurtzeagatik.



Hitzaurrea

Antzina, hegaztien hegaldiak aztertu ohi ziren patua iragartzeko. Iragarpenetan, bi txori mota bereizten ziren: onak eta txarrak. Txori onak zorionaren seinale ziren, eta txarrak, aldiz, zoritxarraren seinale. Hortik datoz, antza, zoriona eta zoritxarra hitzak.

Zorionekoa zu, liburu hau esku artean duzun hori, Itziar txori ona dugu eta. Haren hego arinekin lurraldez lurralde bidaiatu da eta, honako ipuin sorta honetan, bidaietan bildutako istorioak dakarzkigu.

Munduko sei txoko bisitatu ditu txoritxoak, eta bertan sentitutakoak orrialdeotan plazaratu ditu. Nolabaitean, mundua pentsatzeko, sentitzeko eta bizitzeko sei modu oparitu nahi izan dizkigu Itziarrek. Sei bizimodu, sei bizimundu.

Ipuinetako pertsonaiak direna aske izateko borrokan egongo dira, egoera lazgarrietan batzuetan eta itxaropentsu besteetan. Itziar begirada feministaz arituko zaigu liburuan zehar, pertsonaien oinetakoetan betiere.

Argi dago Itziarren bularra gorria eta puztua dela, txantxangorri bizia baita. Zipitriak hala zioen: «Txori bakoitzak bere kantaera, herri bakoitzak bere hizkera eta euskaldunok euskera». Eta Itziar kantaera anitzez baliatu da. Istorioak ez ditu soilik geurean, euskaraz, abestu, zeinu-hizkuntzaz zein braillez ere modu digitalean disfrutatzeko aukera luzatu digu.

Lan honek ez luke izaterik idazlearen bidelagun izandako GGKEen lanik gabe. Hori dela eta, liburuaren irabazien %40a Chazon, Kulli, Fisios Mundi eta IPI Cooperació elkarteetara joango da. Hara, horiek ere txori onak!

Abiatu, bada, hegaldi honetan. Eta gozatu barne sentimenduen txorrotxio esnarazleez!

Miren Uriarte Crespo

Zure ez izana

Zu ez zara izan, baina izan behar zinen eta hurrengoa izango zen zure istorioa.

Familia txiroan, hegoaldeko Indian jaio behar zinen. Lau ahizpa-neba izan behar zenituen, Amrita gazteena, bi urteko ahizpa bakarra; eta hiru neba, Balarama, Devdan eta Gotmen, lau, bost eta zazpi urtekoak, hurrenez hurren. Ama Punita eta aita Kunal izenekoak. Haien guztien ogibideak nekazaritza, abeltzaintza eta lapurreta ziren.

Familia-kideak arruntzat har zitezkeen, jateko eta bizirauteko behar zuten guztia egiten zuten pertsonak, herriko gainontzeko gehienen antzera. Lurretik, inguruko zelaietatik edo aintzira zikinetik atera zitezkeen jakiak sariak ziren haientzat. Hori nahikoa ez zenean, hirira jo behar zuten trikimailuen bidez pare bat txanpon edo haragi puskaren bat lortzeko. Ez zuten handik haratago zegoen ezer ezagutzen, ezta ezagutu nahi ere. Hori zen haien bizitza eta ez zegoen «zergatik» edo «zertarako» galdetu beharrik; zergatik edo zertarako denbora galdu horretan?

Testuingurua egokia izanda ala ez, zure eguneroko bizitza alaia izan behar zen; haurtzaroan zehar, behintzat. Ibiltzen hasi bezain laster, ur bila joango zinen putzura, zure anai ertaina lagunduta. Lurpeko iturrira bidean, zuk eramango zenuke ontzi hutsa eta horri tinko eutsi Devdanek biraderari gogor ematen zion bitartean ontzia urez betetzen zelako magiaz goxatuz. Agian, egunen batean, etxera bueltatu aurretik laku berdean igeri egingo zenuten amaren oihuak entzun arte eta, orduan, urez blai etxera bueltatuko zineten ontzia han ahaztuta. Errietak ez ziren faltako, baina ahizparen begirada leunak eta laztandurak ere jasoko zenituen.

Sei urtetik aurrera etxean lan anitz egongo zen zuretzat. Ahuntza jetzi, etxeko lurrezko zorua erraztatu, bi oiloei jaten eman eta arrautzak jaso, baratza landu, arropa garbitu eta abarrekoak. Eguna laster lagunekin kabaddira jolastera joango zinela pentsatzen emango zenuen, lan egin bitartean. Eta, zenbaitetan, zure gogoak errealitate bihurtu eta igandea lagunekin emango zenuen.


Gero, nerabezaroa ailegatuko zitzaizun, garaiz ailegatu ere. Hots, hamar urte bete bezain laster, etxeko eta inguruko gizon guztiak zu modu berezi batean tratatzen hasiko ziren. Anaiek ez zuten gehiago zurekin jolastuko, ez behintzat zuri gehien gustatzen zitzaizun bezala. Ezin izango zinen gehiago lakuan bainatu, ezta kabaddira jolastu ere. «Ekintza horiek ez dira emakumeentzako egokiak», errepikatuko zizun amak, behin eta berriro, ilea nola orraztu eta atondu irakatsiz. Momentu horretatik aurrera, ilea luze eramaten ikasi beharko zenuen, olioa bota eta egunero orraztu. Horretara ere ohituko zinateke, dena den. Era berean, kamiseta luzeaz eta praka zabalez osatutako salowerkameezaz ahaztu eta saria janzten hasi beharko zinen. Sariaz, zazpi metroko oihalez osatutako jantziaz, zure gorputza estaltzen ondo baino hobeto ikasiko zenuke hamalau urte betetzerako.

Aii... hamalau urteak! Maitatutako alderdi asko galdu ondoren, aldi bikaina zein gogorra etorriko zen zuretzat. Rani izeneko neska berria etorriko zen zure gelara ikastera. Lagun minak egingo zineten eta orduak eta orduak emango zenituzten hitz egiten eskolarako bidean eta bueltan. Izan ere, hamar km egin beharko zenituzten guztira. Bost km joana eta beste bost


etorrera. Berrogeita bost minutu joan eta berrogeita bost minutu bueltatu, zure eguneko ordu eta erdi gogokoena. Denbora aurrera egin ahala, jaiegunak gorrotatzen hasiko zinen. Egunek ez zuten zentzurik Raniren begirada eta irririk gabe. Berari kontatuko zenizkion bizipen goxoenak, baita sekretu gordinenak ere.

Egun batean, bazkaltzerako orduan, gizon ezezaguna topatuko zenuen etxean. «Hurbildu eta agurtu Aniruddha», esango zizun aitak, ahots sakon batez. «Aniruddha urrunetik etorri da zu ezagutzera. Hirian bizi da, adreiluz egindako etxe xarmangarri batean. Tren-geltokian dauka bere salmenta negozioa, beraz, oso aberatsa da. Ondo egongo zara berarekin hemendik aurrera. Orain goazen ospatzera. Bazkaldu ostean, agurtuko zaitugu». Soinu agudo jarraia entzungo zenuen buru barruan, hankak gogortu eta ahoa lehortuko zitzaizun.

«Zertaz ari da? Ni joan? Nora? Zergatik? Noiz ikusiko dut Rani? Zer gertatuko da Ranirekin? Eta nirekin? Zer gertatuko da nirekin?». Pentsamenduak kolpatuko zitzaizkizun. Ez zenuen ulertuko zergatik momentu kritiko hartan non zeure familia, herria, eskola eta ezagutzen zenuen guztia galdu behar zenuenean,


Rani zen zure gogoetarik nagusiena. Ala, agian, bai ulertuko zenuen. Egia esanda, berdin zuen. Han egongo zinen, familia osoa alai, zure erreakzioaren zain. Ihes egiteko gogo sakona sortuko zitzaizun, baina ez zinen gai izango. Han zutik geratuko zinen, ama hurbildu eta mahaira lagundu arte. Bazkari osoan zehar, ez zenuen mokadurik dastatuko, nahiz eta mahai hartan horrenbeste janari ikusten zenuen lehen aldia izango zen (lehena eta azkena, hain zuzen). Hala ere, jango ez bazenuen ere, gauza ugari ikasiko zenituen mahaikideen elkarrizketari esker.

 

Aniruddhak tren-geltokian zuen negozioa freskagarri eta jatekoen postua zen. Bost mila rupia ordaindu zituen zugatik. Berrogei urte zituen eta emaztea hilda zuen. Gaixotasunen bat omen zeukan, emakume gaiztoren baten erruz, bere hitzetan. Eta zu izan behar zinen, neska purua izanda, gaixotasun horretaz askatuko zuena. Ez zenuen azken hori ulertuko, ez zinen emakume gaiztoei buruzko ezertaz jabetuko eta, are gutxiago, zuk horretan guztian zeneukan betebeharra atzeman. Edonola ere, berezia zinela sinetsiko zenuen, jakingo baitzenuen normalean emazteak ordaintzen zuela dotea eta bost mila rupia diru asko zen zure familiarentzat, lauzpabost animalia erosi ahalko zituzten. Hala ere, ihes egitea, Raniren bila joatea egokiena zela esango zizun ahotsa ere izango zenuen buruan.

Hortik aurrera gertatu ahal izango zitzaizkizunak asko dira. Litekeena Aniruddhak zu bortxatzea eta, ondorioz, bere gaixotasuna transmititzea da. Kasu horretan, kalean, bakarrik eta Raniz eta ihes egiteko aukera hartaz oroituz hilko zinen. Agian, bestalde, modu batean edo bestean, ihes egingo zenuen eta Ranik zure egoera jakinda etxera bueltatzeko eta eginbeharrekoa egiteko eskatuko zizun beldurrez. Edo, beharbada, bere besoetan jaso eta zurekin joango zen etorkizun berri baten bila. Hamaika aukera, baina gehienak gordinak emakumeentzako Indian.

Hori guztia izan zintezkeen, baina ez zinen izan, jaio zinenean neska zinela ikusita ito egin zintuztelako. Familia txiroegia zen zurea beste neska bat hazteko eta ez zeukaten nahikorik bi dote egoki emateko. Hortaz, auzokideei hilda jaio zinela esan zieten eta erraustu zintuzten, zure hautsak gero ibai hurbilenera botatzeko.

Bizitzeko aukerarik ez zenuen izan eta, izanda ere, aukerak murritzak zein ankerrak izango ziren. Irakurle hori, bizirik zauden hori, egin dezagun lan mundu honetako emakumeok aukera gehiago eta hobeak izan ditzagun.

Maitasun pittin bat

Hotza, iluntasuna, gosea, bakardadea. Horiek dira nire aurreko bizitza deskribatzeko erabiliko nituzkeen hitzak; izan ere, nire bizitzako lehenengo urteak kalean eman nituen. Kalean jaio eta hazi nintzen. Latza izan zen aro hori; baina, behin, egunsenti batean, zakar artean janari bila ari nintzela, bi esku bero sentitu nituen nire gorputza besarkatzen eta handik aurrera guztia aldatu zen.

Aurretik ezagutzen ez nituen goxotasunez disfrutatzen hasi nintzen, sentsazio berri pila esperimentatu nituen; baita bizitza mota horretara ohitu ere. Baina, bizitza ez da beti guk nahi dugun bezala eta aldaketak nahitaezkoak dira. Izan ere, lurrak bira egiten duen heinean, gure barne munduak ere goitik beherako aldaketa jasan dezake.


Argi gogoratzen ditut etxe hartan emandako lehenengo egun leunak. Guztia zen distiratsu eta xarmangarri. Janari gozoa katiluan, laztandurak une oro eta kezkarik ez. Nire lekua aurkitu nuelakoan nengoen. Hango erregina sentitzen nintzen. Nahi nuen guztia egin nezakeen eta dena txalotzen zidaten. Izarekin borrokatu, haien entsaladako tuna jan konturatzen ez ziren bitartean, dutxa barruan lokartu… Edozer gauza ondo zegoen. Ni baldintzarik gabe maite nindutela sinetsi ere, sinetsi egin nuen.

Gero, zenbait hilabete igaro ostean, egoeraren epeltasuna desagertzen hasi zen. Ez nintzen ia konturatu ere egin, hots, poz-pozik jarraitzen nuen etxeak ematen zizkidan jolas-aukerak bilatzen. Tamalez, egun batean, nire pilotarekin gora eta behera tarte luzea eman ostean, ura edatera joan eta bai ur bai janari-katiluak hutsik aurkitu nituen. Non da ura? Non janaria? Horien zain gelditu beharrean, eskatzera joatea erabaki nuen; gainera, horrela, bide batez, mainatxo batzuk jasoko nituela pentsatu nuen. Horra hor nire sorpresa eta ikara oihuak eta bultzadak jaso nituenean. Zerbait garrantzitsua ikasi nuen egun hartan, gauza gutxi dira betirako eta beti daude baldintzak.

Gertakari horri jarraitu zizkioten egunak ez ziren hobeak izan. Etxean oihuak ohitura bilakatu ziren eta, zenbaitetan, kolpeak ere entzuten nituen. Horrelakoetan, ohe azpian ezkutatu eta lasaitasunaren zain geratzen nintzen. Hala ere, ezin nuen alde egin; egun batean infernua izandako kalea irtenbide bilakatu zen orduan.

Baztertuta gelditu nintzen. Nolatan izango da ba garrantzitsua animalia bat gizakien munduan? Haien munduan lehen, bigarren eta hirugarren mailako arimak daude, alabaina, guztia mailakatzeko beharra dute pertsonek. Esate baterako, lehen eta hirugarren mundua; lehen eta bigarren mailako jakiak, autoa, etxea edo bestelako edozein ondasun; eta lehen, bigarren eta hirugarren mailako kirol-taldeak. Zaila da eskailera horretan gora egitea, ezinezkoa ere zenbaitetan. Hala ere, ba al dakizue zer den okerrena? Askotan jaio garen maila horretan gelditu behar garela sinesten dugula, maila horiek guztiak errealitate izango balira bezala. Gure bizitza gizartearen mapa-kontzeptual bidegabe horretara moldatu egiten dugu, haien errealitate hori sinesten dugu, gezurrean bizitzea erabakitzen dugu (kontziente ala inkontzienteki). Hortaz, sinesmena errealitate bihurtzen dugu.

Dena den, ni katua baino ez naizenez, ez dut horrelako hausnarketarik egiten, pertsonen mundu konplexu horretatik at nago, zorionez. Edonola ere, sentimenduak ditut eta nire inguruan gertatzen dena ulertzeko gaitasuna daukat, nahiz eta zure erara ez antzeman.

Beraz, esan bezala, hor nengoen ni, maitasunik gabeko etxe batean gatibu. Egunak joan egunak etorri, nire gurasoak bilakatutako bikotearen harremana desorekatua zela konturatu nintzen. Txikiagoa zena ordu luzeak ematen zituen etxean, zigortuta edo ezkutatuta zegoela zirudien. Etxean bakarrik nirekin geratzen zenean, astiro eta maitasunez laztantzen ninduen, baina mugimendu mekaniko horien bitartez transmititzen zidana tristura eta barne-min sakonak ziren. Askotan, bere magalean ematen nituen ordu horietan zehar, negarrez ere entzuten nuen eta nire azpian bere gorputza gogortuz eta dardarka sentitzen nuen, atea irekitzen zen bitartean.

Bizardunak, aldiz, ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzen zuen, bere kidearen azalean agertutako ubeldurak eta zauriak ikusiko ez balitu bezala, bera horretatik guztitik at egongo balitz moduan. Are gehiago, poz-pozik kontatzen zizkigun lanean eta lagunekin gertatutakoak,


astebururako planak, jatea gustatuko litzaiokeena eta abarrekoak. Maddi eta biok mutu entzuten genuen eta Maddik, esfortzu handiz, irribarre bat oparitzen zion. Hala ere, nik, egoeraren partaide pasiboa izanda, tristura sakona nabaritzen nuen bere begiradan, ezin baitzuen ahaztu aurreko gauean gertatutakoa.

Hileak joan ziren eta egoera ezin okerretik okerreragora joan zen. Maddi jada ez zen etxetik ateratzen, oso argal zegoen, bere ekintza bakarrak ni zaintzea, sukaldatzea, etxea txukuntzea eta erosketak internet bidez eskatzea ziren. Aurretik izandako harreman guztiak galdu zituen, lana utzi eta sakelakoa tiraderan betiko gorde zuen. Bere habitat berria osatu zuen bere inguru tamalgarrian eta bihotz zaurituan geratzen ziren zatitxo minduekin. Maddik egokitutako egoera berri hori merezi zuela sinestarazi zion bere buruari eta bere izaera galdu zuen. Nik aurretik ezagututako Maddi bueltarazten saiatu nintzela zin egiten dut. Berarekin goiz eta arratsaldez jolastu nuen, bakardadea uxatu nahian, miauka bere inguruan bueltaka ibili nintzen maitasuna zer zen gogoraraziko niolakoan, baina Maddi joana zen.

Arratsalde ilun batean, askotan gertatu ohi zen bezala, kolpeak hasi ziren. Maddik isiltasunez jaso zituen lehenengoak, baita gerokoak ere. Baina ordukoa gehiegi luzatzen ari zen, bere begirada ilunean nabaritu nuen. Behin betikoa zirudien. Amaiera. Gizonaren begiek transmititzen zutena, aldiz, ulertezina zen niretzat, hutsik zeuden edo, agian, nik ulertzeko gaitasunik ez neukan. Beharbada, gorrotoa zen ala monotonia, batek daki.

Sie haben die kostenlose Leseprobe beendet. Möchten Sie mehr lesen?